Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gizarte Ekintza Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, ‘Erlaxazio tailer’ bat antolatu du zaintzaileei laguntzeko. Ikastaroa doakoa izango da eta otsailetik maiatzera bitartean egingo da, 17:00etatik 18:30etara.
Ekimen honen helburua “zaintzaileei zaintza lanei loturiko tentsio eta urduritasun egoeretan moldatzen laguntzea da”, antolatzaileen esanetan.
Jarduera ‘Zainduz, zaintzailea zaindu’ programaren barruan kokatua dago eta mendekotasun egoeran daudenak zaintzen dituzten senitartekoei zuzenduta dago. Tailerraren bidez “zaintza lanetan, zaintzaileek fisikoki zein emozionalki gainezka” egitea saihestu nahi da.
Tailerrean zaintza lanei lotutako urduritasun egoerak identifikatzeaz gain erlaxazioaren onurak ezagutu eta erlaxatzeko teknikak ikasiko dituzte, tentsio uneetan erabili ahal izateko.
Ikastaroaren arduraduna esperientzia zabala duen Ainhoa Pazos psikoterapeuta eta prestatzailea izango da. Tailerrean parte hartzeko izena eman behar da Gizarte Ekintzako bulegoetan edo 946300190 telefonora deituta.