Ikus-entzunezko bi, mendi erronkaren eta argazki lehiaketen sari banaketak eta domekan Iurretako inguruetatik egingo den ibilaldiarekin osatuko da gaur bertan hasiko den VI. Mendi Astea.
Zaldai Mendi Taldeak antolatutako ekimena Eñaut Izagirreren ‘Incognita Patagonia’ dokumentalaren emanaldiarekin hasiko da gaur, 18:30ean. Ibarretxe Kultur Etxean eskainiko den emanaldiak eskalada, glaziarren kartografia eta Cloue izotz zelaiaren zeharkaldia uztartzen dituen ikerketa historikoa jartzen du agerian.
Iragarritako bigarren dokumentala zapatuan jarriko da ikusgai. Iñaki Peñak zuzendutako ‘Mendian hil, hirian hil’ ekoizpenak heriotza, dolu prozesua eta gainditze fasearen inguruko trilogia osatzen du. Sorkuntza honetan maite dugun pertsonaren heriotza, galerak eragindako mina eta sufrimenduaren gainditzeari buruzko hausnarketa egiten da.
Sari banaketa
‘Zaldai Mendi Erronka 2020’ ekimeneko sari banaketa bihar egingo da Iurretako plazan 19:00etan hasita. Antolatzaileek aukeratutako mendi tontorretara igo diren mendizaleei sariak banatzeaz gain, argazki lehiaketako sariak emango dira ekitaldian. Gainera, irudiekin osatutako erakusketa ere ikusgai egongo da.
Edizio honetako egitaraua domekarako iragarritako mendi ibilaldiarekin osatuko da. Parte-hartzaileek Iurretako plazatik abiatuko dira goizeko 9:30ean eta Ertzillako garaia, Gaztainatza, Azkorra, Uratza eta Amatza zeharkatu ondoren irteera puntuan emango diote amaiera ibilaldiari.