
Zaldibar Argitu plataformak Durangoko epaitegiaren aurrealdean egingo den elkarretaratzea deitu du egunerako, hilak 20, goizeko 9:45ean. Egun horretan ikertu gisa deklaratu behar dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko hiru teknikarik.
Deklaratu behar duten teknikariak, “ustez prebarikazioa egin zutelakoan” deitu dituzte, “Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaren harira, ingurumenaren kontrako delituak ikertzen dituen auzian”, plataformaren kideen esanetan.
Egueneko elkarretaratzearekin “arduretan azkeneraino, eta goraino” heltzea nahi du Zaldibar Argituk. Izan ere, “hiru urte baino gehiago igaro behar izan da Eusko Jaurlaritzako norbait epaitegira eramateko deklaratzera. Horixe bakarrik nahikoa da ondorioztatzeko gauzak asko hobetu daitezkeela. Harrigarria egiten zaigu hiru urte baino gehiagoan zabortegia kontrolatu behar zuen erakundeko inor ez pasatu izana epaitegitik”.
Beraz, plataformako kideei gustatuko litzaieke egueneko deklarazioak “lehen urratsa izatea Eusko Jaurlaritzaren ardurak zehazten hasteko, ez baitugu uste teknikari horiek baino ez izatea ardurarik zabortegiaren gaineko kontrol faltan, erantzule bakarrak.
Elkarretaratzea ‘Langileak, Osasuna, Erantzukizunak’ lelopean egingo da eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.