‘Ainarak’ dokumentalaren emanaldiarekin gaur hasiko diren Zaldibarko Mendi Jardunaldiak, mendizale eta abenturazale ezagunen ikus-entzunezkoak iragartzen ditu, Maite Zumarraga eta Idoia Rubial eta Eneko eta Iker Pou anaien lanak egitarauan tartekatzen baitira. Ekitaldi guztiak Liburutegi zaharrean izango dira, 18:3oean hasita.
Marga Gutierrezek idatzi, Juan San Martin eta Ritxi Lizartzak zuzendu eta Anne Etchegoyen musikaria protagonista duen ‘Ainarak’ filmarekin hasiko dira emanaldiak gaur bertan. Pelikulak, XIX. mendearen amaieratik XX. mendera Mauleko abarketa-fabriketan lan egitera joaten ziren Nafarroako eta Aragoiko Pirinioetako emakume gazteen zertzeladak ematen ditu.
Bilbao Mendi Film festibalean emandako ikus-entzunezkoak eskainiko dira apirilaren 3an eta 17an. Lehenengo saioan ‘Iretargi’, ‘Tòfol Castanyer, El Corredor Infinit’ eta ‘De L’ombre à la Lumière’ eskainiko dira, eta 17ko saioan ‘Agur Artzai’, ‘Ephemeral’ eta ‘This is Beth’ jarriko dira ikusgai.
Pou anaiak, azaroan
Yosemiteko bailaran dagoen Gran Capitan mendiaren inguruan egindako ‘Egunon Capitan!’ pelikula eskainiko da apirilaren 20an. Maite Zumarragak eta Idoia Rubialek egindako filma, inguru haietan burututako hiru hilabeteko egonaldiaren emaitza da. Abentura horretako bi protagonistek zuzenean emango dute esperientziaren berri.
Edizio honetako ekitaldiak azaroaren 9an izango den saioarekin osatuko dira, ekitaldiko protagonistak diren Eneko eta Iker Pou kanpoan baitira une honetan. Mendizale eta eskalatzaile gasteiztarrek Zaldibarko Liburutegi zaharrera gerturatuko dira ‘Aupa Pou. Bizitzari sokaz lotuta’ liburua zuzenean aurkezteko.