Zaldibarko Udalak herriko jaiak iragarriko dituen kartelaren lehiaketa martxan ipini du. Lanak maiatzaren 19ra arte aurkeztu ahal izango dira eta egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du.
Parte hartzea edonorentzat irekita dago eta kolera eta diseinuaren gaia norberaren aukerakoak izango dira. Hala ere, ‘2024ko Zaldibarko Jaiak’ esaldia agertu beharko da eta ez da irudi sexistarik ez eta testu sexistarik onartuko.
Diseinuak euskarri fisikoan edo digitalean aurkeztu daitezke. Lehen aukeran, DIN-A3 formatuan eta era bertikalean aurkeztu behar da eta gutunazal itxian entregatu beharko da udaletxeko bulegoetan, 2024ko Zaldibarko Jaiak lemapean eta egilearen adina zehaztuta. Barrualdean, beste gutunazal itxi batean, egilearen izen-abizenak, bizilekua eta helbidea zehaztu beharko dira.
Euskarri digitala aukeratzen duenak JPG formatua 72 ppp-ko bereizmenarekin eta 42×29,7 zentimetroko proportzioarekin (DIN-A3 neurria) aurkeztu beharko du. Kasu honetan, kultura@zaldibar.eus helbidera bidali beharko da, beti ere, maiatzaren 19ra arteko epemugarekin.
Kartel irabazleak 250 euroko saria eskuratuko du, eta bigarrenak berriz, 150 eurokoa. Hirugarren sari bat ere egongo da 14 urtetik beherako parte hartzaileentzat eta kasu honetan eskudirua beharrean, onuradunak 100 euroko saria jasoko du Zaldibarko ostalaritza eta merkataritza establezimenduetan erabiltzeko.