Zaldibarko Udalak azterlan bat eskatu du Juan de Aranoak ospitale psikiatrikoko kapera neorromantikoan margotutako freskoen kontserbazio egoera ebaluatzeko. Artelanek “urteetako mantenu falta” izan dute eta egoeraren txostena Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek egingo dute.
Zaldibarko Udalak, jarduera horrekin, “pauso berri bat eman du herriko ondarea babesteko norabidean”. Helburu horrekin, Eneritz Azpitarte alkatea eta Bizkaiko Foru Aldundiko hiru teknikari eta praktiketan dabiltzan bi arte ikasle aurreko astean gainbegiratu zituzten Aranoaren freskoak.
Freskoen kontserbazio egoera bertatik bertara aztertu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartuko du margolanen egoera ebaluatuko duen txostena egiteko ardura, Zaldibarko Udalaren eskariz.
Lehentasunezkoa
“Urteetako mantenu faltaren ondorioz, margolanen egoera kaltetzen joan da”, Udal arduradunek adierazi dutenez. Izan ere, “sarritan, pinturen arrastoak topatu izan dira kaperako zoruan; pelikula piktorikoaren zatiak batzuetan; eta horma irudien kaltetzeagatiko hautsa beste hainbatetan”. Gainera, kaperako estalkiak hainbat hezetasun arazo izan ditu hamarkadetan zehar.
Zaldibarko Gobernu taldearentzat “lehentasunezkoa da herriko ondarea zaintzea eta berreskuratzea”, eta kaperako margolanekin “bide horretan sakonduko dugu”. Horregatik, “Foru Aldundiarekin hasitako lankidetza bezalatsu, gure esku dauden tresna guztiak eskainiko ditugu margolanok zaintzeko eskuduntza duen instituzio publikoari, Eusko Jaurlaritzari, bidea errazteko”, azaldu du Azpitartek.
Juan de Aranoak 1928an ekin zion Zaldibarko ospitale psikiatrikoko kapera neorromantiko freskoak egiteari eta 1930ean amaitu zituen. Irudietan Ama Birjinari buruzko eszenak, Kristoren haurtzaroa eta bere Pasioa irudikatu zituen.
Juan de Aranoa Carredano margolaria Bilbon jaio zen 1901ean. Ikasketak Bizkaiko hiriburuko Arte eta Lanbide Eskolan egin ondoren, Parisen eta Italian garatu zuen artearen inguruko jakintza.