Zaldibarko Udalak herritarren partaidetzarekin aztertuko du gaur egun zein den euskararen egoera udalerrian, eta ondoren, datozen urteetako hizkuntza-politikaren ildoak ezarriko dituen Plan Estrategiko berria landuko du Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean.
Orain arte euskararen arloan egin den lana baloratu eta, gaur egun, herrian euskararen egoera zein den jakin nahi da lehenik. Azterketa hori egiteko datu soziolinguistikoak zein iritziak, espektatibak edo ideiak jaso nahi dira eta horretarako azaroaren 29ra arte Udal Liburutegian edota Udalean bertan izango diren inkestak betetzeko aukera izango da.
Nahi duen herritarrak galdetegiak on line erantzuteko aukera izango du udal webgunean dagoen estekaren bidez eta emandako “erantzunak eta ikuspuntuak oso baliagarriak izango dira ebaluazioa egiteko”, udaletxetik adierazi dutenez.
Prozesuaren inguruan zalantzarik izanez gero, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin jar daiteke harremanetan, eguen@zaldibar.eus helbide elektronikoan edo 94 682 70 16 telefono zenbakian.
Datuak aztertu ondoren Plan Estrategiko berria landuko da eta bertan “hurrengo urteetako hizkuntza-politikaren ildoak ezarriko dira hainbat arlotan: administrazioa, kulturgintza, irakaskuntza, lan mundua, teknologia berriak eta abar”. Ekimenaren azken helburua “euskararen erabilera” indartzea da.