Goitibeheren jaitsierak Zaldibarren bultzatzeko asmoarekin, iaz herrian sortu zen Aldatsa taldeak bi hitzordu prestatu ditu datozen egunetarako. Lehengoa saioa, maiatzaren 21ean, erakustaldi moduan prestatu dute, eta ekainaren 11ko jaitsieran esperientzia asko duten partaideak gerturatuko dira.
Aldatsa taldekoen asmoa “herrian goitibehera jaitsierak antolatzea” eta “herriko jendea horietan parte hartzera animatzea” dela adierazi dute. Horretarako, “bakarka, binaka edota koadrilan” parte hartzeko helburuarekin, “trastelekuan edo garajean abandonatuta dituzten bizikleta zaharrak, trizikloak eta patineteak” transformatzea eta goitibehera bat egitera gonbidatzen dituzte.
Zaletasuna bultzatzeko helburuarekin antolatu duten lehengo hitzordua maiatzaren 21erako prestatu duten ‘Goitibera Txikia’ izango da. 17:00etatik 19:00etara Hiru Gurutzeetatik behera jaitsiko dira partaideak, Goierri bidea izeneko kalean barne.
Saioa Maldan Behera elkartearekin batera antolatu dute eta talde horretako kideek ekarriko duten materiala “gerturatzen den herritar ororentzat erabilgarri” egongo da Aldatsako kideen esanetan. Goitibeheren artean, egurrezkoak baina skateko gurpilekin egindako ‘Sputnik’ deiturikoak egongo dira, “azkarrak eta maneiatzeko errazak, baina batez ere oso dibertigarriak direnak”.
Ekainaren 11rako prestatu duten ‘Zaldibarko Goitibera Jaitsiera’, 16:00etan hasiko da. “Aurten, ekitaldia jaietako egitarautik atera eta arratsaldera pasa dugu, oihartzun handiagoa izan dezan”, antolatzaileen esanetan.
Jaitsiera hori Euskal Inertzia Koparen barruan sartuko da eta bertan “esperientzia asko duten partaideak eta ibilgailu anitzak zein ikusgarriak erakarriko dituzte”. Hiru jaitsiera egingo dituzte, lehena entrenamendu modura eta beste biak denbora neurtuta. Aldatsako kideek baieztatu dute lehiaketan “trizikloak, patinak, pneumatikoak, klasikoak, europearrak, eta abar” egongo direla.
Aldatsa taldeak iaz eman zituen lehenengo urratsak, lauzpabost lagun bildu zirenean, euren asmoa Goierriko jaitsiera eta umeentzako ekitaldia antolatzea zen. Batak zein besteak izan zuten arrakasta ikusirik, aurten eskaintza indartzea nahi izan dute eta horretarako Zaldibarko Udalaren laguntza izan dute.