Mallabiko Urriko Jaiak gaur bertan amaituko dira Jose Antonio Gisasola ‘Zelai’ harri-jasotzaileari egingo zaion omenaldiarekin. Ekitaldia Mallabiko Udalak eta Txondor Herri-kirol taldeak antolatu dute.
Herri-kiroletako harri-jasotze espezialitatean hainbat aldiz Euskal Herriko zein Bizkaiako txapelduna izandakoari egingo zaion gorazarre ekitaldia eguerdiko 13:00etan hasiko da, Kontzejuzarrean egingo den ‘Zelai’ liburuaren aurkezpenarekin.
Arratsaldeko 17:30ean berriz, herri-kirol erakustaldia hasiko da Mallabiko frontoian. Saioan binaka arituko diren Zaldua eta Mugerza, Atutxa eta Larrea eta Txikia eta Zelai IV.a aizkolarien ekitaldiarekin abiatuko da.
Omenaldia borobiltzeko harri-jasotzaileen erakustaldi ederra prestatu da, ekitaldian Telleria, Ostolaza, Eizmendi, Izeta II.a, Izeta IV.a, Goenatxo III.a, Urruzuno, Goikoetxe, Zelai Luze, Ureta, Urpe, Urdax, Zelai III.a, Zelai V.a eta Jimenez arituko baitira.