Elorrioko erdiguneko ostalariek gaur hasi eta domekara arte iraungo duten Erreka kaleko jaiak prestatu dituzte. Egitarauan musika saioak eta pilota partidak nabarmenduko dira.
Ekitaldiak gaur bertan abiatuko dira, 19:00etatik 21:00etara egingo den pintxopotearekin. Bertaratzen direnek bi otzara eder irabazteko aukera izango dute.
Biharko ospakizunak 18:30etik 20:30era Zerbi dantzak gaztetxoentzat girotuko duen disko txiki festa iragartzen dute. Zapatuan berriz, 17:00etatik aurrera, Hori Hori Elorrio Pilota Klubak antolatutako pilota partidak egongo dira plazako frontoian, eta 19:00etatik 21:30era Sukar taldeak girotutako erromeria egongo da.
Domekan puzgarriekin gozatu ahal izango dute txikienek plazako frontoian, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30era.