
Felipe Urtiaga Berrizko alkatea izan zena eta Jose Agirre guardia herritarra 1937. urtean fusilatu zituzten eguna gogoratzen da gaur. Azken urteotan egin den bezala, frankismoaren biktimiei gorazarrea antolatu dute Udalak eta Berriz 1936 Gogoratzen Kultur Elkarteak. Maite Arrizabalaga 2007. urtean jaio zen elkartearen presidentea da, eta Berrizek bizi izan duen errealitatearen berri gizarte guztiari ahalik eta zabalen ematea da elkartearen xedea. ???Urratsak ematen ari gara baina asko falta da oraindik???, adierazten du Arrizabalagak.
– Nobedaderen bat proposatzen duzue aurtengo egitarauan?
– Goizeko hamaiketan hasiko da ekitaldia. Bertan dokumental bat ikusiko da, eta ondoren lore eskaintza egingo da Urtiaga plazan. Egiten ari garen ikerketetan topatzen ditugun espedienteak eta dokumentuak senideei eman behar zaizkie. Eta aurten ere horrela izango da. Juan Manuel Oruemazaga Berrizko biktima bat izan zen. Gerra eta errepublika garaian udaleko zinegotzia zen, Ongizate eta Hornidura deritzon arloaren arduradura hain zuzen ere. Bere semeak gordeta izan ditu garai honetako hainbat dokumentu.
– Zer diote dokumentuek?
– Herrian faltatzen ziren elikagaiak nola banatzen ziren. Gainera, Berrizen 400 bat ebakuatu egon ziren momentu hartan. Horretarako jantokiak antolatu behar ziren, pertsonei harrera egin, fitxak bete, ???rekisak??? nola egiten ziren eta razionamendu kartillak, besteak beste. Eta guzti hau dokumentuetan azaltzen da. Esan beharra dago, oso ondo antolatuta zegoela dena. Oruemazagak dokumentuak gorde egin zituen eta horri esker Berriztik zenbat lagun pasatu ziren jakin dezakegu.
– Eta dokumentazio guztia Berrizera itzuliko da, ezta?
– Horrela da. Semeak dohaintza bat egingo dio Berrizko Udalari, eta dokumentuak bere leku naturalean egongo dira. Garai horretan zelan antolatzen ziren inguruko informazio oso baliogarria eskaintzen baitu.
– Zertan datza zuen lana?
– Biktimak izan ziren argazkiak batu eta aurpegi bat ipintzen ibili gara. Orain epaiketen biktimak eta argazkiak eta senideen testigantzak bideo-grabaketa batean batu ditugu . Urratsak ematen ari gara baina asko falta da oraindik.
-Beraz, asko falta da egiteko.
– Bai, horrela da. Errepresio ekonomikoa jasan zuten testigantzak oraindik ez ditugu jaso. Gerra ostean, zigor politikoak ezezik ekonomikoak ere egon ziren. Jende asko etxe barik gelditu zen. Errepresioa eremu guztietara heldu zen.
“Zeozer fantastikoa”
– Zeintzuk dira Elkartearen helburuak?
– Elkartea 2007. urtean jaio zen. Durangoko bonbardaketaren inguruan antolatutako ekintzen ondorio bat gara. Sentitu genuen zeozer egiteko premia zegoela Berrizen ere. Elkartea eztabaida eta ikerkuntza gunea izateko asmoarekin sortu da, eta bere helburu nagusia Berrizek bizi izan duen errealitatearen berri gizarte guztiari ahalik eta zabalen ematea da. Elkartearen zeregin nagusietako bat Oroimen Historikoa deitutakoaren inguruan ikertzea eta aztertzea da, hots, 1936 urteko altxamendu militarraren ondorioz sortutako gerrak eta frankismoak eragin zituzten errepresio eta kalte guztiak zerrendatzea, aztertzea, ikertzea eta dokumentatzea. Eta kaltetu edo biktimak izan diren erreparazioa lortu.
– Orain arte isiltasunean egon da gertatutakoa,horrela da?
– Gure arbasoek zer bizi izan zuten jakitea da gure asmoa. Ahoz entzun dugu,baina errealitatea ezberdina izan zen. Orain arte isiltasunean egon da, zeozer fantastikoa izango balitz bezala. Baina dena bere justifikazioa dauka. Errepresioa oso bideratuta zegoen.Bazekiten oso garbi norengana joan,nazionalismoa eta ezkerreko ideiak zigortzeko eta ezabatzeko. Gu era afektiboan inplikatu gara.
– Nolako harrera izan duzue Berrizen?
– Oso ona. 30 bazkide gara elkartean. Gure elkartearen helburua ez da aurkaketa sortzea, kontutan izan behar da Berriz herri txikia dela. Baina, oso ondo hartu da egiten ari garen lana. Kolaborazioak oso zabalak eta emankorrak izan dira. Ateak zabalik aurkitu ditugu eta baita Udalarenak ere.
– Etorkizuneko egitasmorik baduzue?
– Batu ditugun dokumentuak eta elkarrizketak liburu baten biltzea. Hori da gure ilusioa.