Patxi González ‘Sema’ aktore eta musikari zornotzarra herriko antzokiko oholtzara igoko da barikuan, Hika Teatrok ekoiztutako ‘Txarriboda’ ikuskizuna eskaintzeko. Agurtzane Intxaurragak zuzendutako ikuskizuna “umorez beteriko kabaret euskalduna” dela diote konpainiako kideek.
‘Txarriboda’ren ardatza bikote perfektua osatzen duten Mireia eta Imanolen ezkontza da. Ospakizun galaren antolakuntzaz Patxi Gonzalezek gorpuzten duen Patxi Bilbao pertsonaia arduratuko da, neskaren aita eta Ipertrolako handi-mandia, hain zuzen.
Emaztegaiaren aita eta aitapontekoa izanik, bere alabagatik edozer gauza egingo lukeela esaten dio Patxik bere buruari. Ezkontza horregatik “hedabide guztietan albiste nagusi izango gara!” uste du eta bertaratuko diren gonbidatuei “gaur txerrien antzera jan, edan eta dantzan egin. Bai, jauna! Gaur dena libre!” esanez emango die ongi etorria.
Gonbidatu guztiak bertan daudela dirudienean, gizon baten gorputzean bizi den Txusa agertuko da, Imanolen aitaren bikotea izandakoa hura hil artean. Mireiak gonbidatu du ezkontzara, senarra eta aitaren bikotea izan zena hobeto elkar ezagutu dezaten. Ezusteko hau, ordea, beste askoren hasiera izango da eta ezkontza behar zuenak, Txarriboda izaten amaituko du.
‘Sema’rekin batera, Iñigo Aranbarri, Kepa Errasti, Juanjo Otero, Iñaki Maruri eta Markeliñe konpainiarekin hainbat lanetan ibilitako Sandra Fernández Agirre antzezleak azaltzen dira agerraldian.