
Amorebieta-Etxanoko Udalak hileta ospakizun zibilak herrian egitea baimenduko duen araudia eta horrelako ekitaldiak hartuko dituen aretoa izendatuko ditu uda ostean. Hala adostu zuten azken osoko bileran Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek, EH Bilduk aurkeztutako mozio baten ondoren.
Urko López zinegotziak irakurritako mozioaren arabera “hileta ospakizun zibilak gizartearen eskera bat dira, pertsona orori bere printzipioekin bat datorren agur duin bat eskaintzeko beharrizanarekin loturiko eskaera bat hain zuzen”.
Horrez gain, “estatu akonfesional eta laiko baten, instituzioek gure gizarte anitzaren askatasun ideologiko, erlijioso edo kulturala bermatu behar dute”, talde abertzalearen idatzian azaltzen denez. Testu horretan “Udalak espazioa edota areto publikoen erabilera arautu dezala” ere eskatzen dute “familiek, lagunek eta hurbilekoek beraien hildakoak agurtu eta omendu ahal izateko”.
Gaia arautuko duen ordenantza egin aurretik “lan asko” egin beharko dela aitortu zuen EAJko Iker Basagoiti zinegotziak. Andoni Agirrebeitia alkatearen arabera “dena egiteko dago” hileta zibilei buruz eta irailean hasiko badira araudia lantzen, “horrelako ordenantza egiteak erantzukizun handia dakar”.
“Ditugun errekurtsoei ahalik eta etekin handiena aterako diegu; teknikoki soluzio egokienak bilatu behar ditugu eta dagokion prozedura bete behar da”, Agirrebeitiaren esanetan. Gainera, hileta zibilak egiteko izendatuko den aretoa aukeratu beharko dute.
Iurreta, Elorrion eta Durangon
Hileta zibilak, itxuraz behintzat gorako joera badu ere, errealitatea ez dator bat uste horrekin eta horren eredu dira Durangaldeko herrietan gertatzen dena.
Eskualdean ordenantza onartu zuen lehen herria Iurreta izan zen, 2011n. Udalak udaletxeko pleno aretoa eta Ibarretxe Kultur Etxeko aretoa izendatu zituen zeregin horretarako, baina araudia onartu zenetik hileta bakar bat ere ez da egin.
Elorrion eta Durangon 2013an onartu zuten hileta zibilak egiteko araudia. Elorrioko Udalak, San Jose ingurua, Eskola publikoko erabilera anitzeko pabilioia edo bestelako tokiak aukeratu zituzten hildakoei azken agurra emateko, baina behin erabili den bakarra Arriola Antzokia izan da, Arkaitz Bellon presoaren hil-kapera hartzeko hain zuzen.
Durangoko Udalak, berriz, Landakoko Elkartegiko aretoa aukeratu zuen hildakoari azken agurra emateko eta udaletxetik emandako datuen arabera hiru hileta inguru egin dira ordutik.