Amorebieta-Etxanoko Udalak ‘Bertokoak berton’ programa jarri du abian, Boroa, Etxano, Euba eta San Migel auzoak jarduera bateratuak izango dituen programa batekin dinamizatzeko helburuarekin. Egitasmo honen bidez, kultura, kirola edo gizarte jarduerak bateratuko dira, landa-eremuetako etxe guztietara bidaliko den informazio esku-orri bat egiteko.
Ekimena gauzatzeko helburuarekin, Ainhoa Salterain alkatea landa-eremuetako bizilagunekin elkartu zen, Arkalaz ekimenaren baitan. Programa horren helburua auzotarrak entzun eta elkarlanean aritzea da; izan ere, “aurreneko bilera hauen helburua izan da entzute aktiboa sustatzea, hau da, auzo elkarteek antolatzen dituzten jardueren, ekimenen eta proposamenen berri izatea, ekarpenak jaso eta programan gehitzeko helburuarekin”, Udal arduradunen arabera.
Salterainek kultura, gizarte eta kirol jarduerak herrigunetik haratago zabaltzearen garrantzia nabarmendu du, auzoak Amorebieta-Etxanoko komunitatearen ezinbesteko elementu bezala direlako. “Auzoetara jarduera ezberdinak hurbildu nahi ditugu, eta zuen jarduera eta ekimenetan parte hartu. Horregatik, oso garrantzitsua da zuen ekarpenak jasotzea”, azpimarratu du.
Auzotarren ekarpenak
Auzoetako herritarrak jakinaren gainean daudela eta aktiboki parte hartu ahal izango dutela bermatzeko, Udalak informazio esku-orri bat banatuko du etxez etxe, landa-eremuetan. Orrian emango den informazioaz gain, auzotarrek proposamenak egin ahal izango dizkiote Udalari.
Ekarpenak udaletxean eta Zelaieta Zentroan jarriko diren postontzietan utzi ahal izango dira. Horrez gain, Udalarekin harremanetan jar daitezke telefonoz, HAZaren 94 630 00 02 zenbakira deituta, edo bertokoakberton@amorebieta.eus e-mailera idatzita.
“Parte hartzearen eta auzoen garapenaren aldeko apustu honek Amorebieta-Etxanoko Udalak bere herritarrekin duen konpromisoa islatzen du, gizarteratze handiagoa eta auzoetako bizitza aberastea ekarriko duten bideak bultzatzea”, Udaletik adierazi dutenez.