Zornotzako Barnetegiak 25. urteurrena ospatu zuen atzo arratsaldean antolatutako ekitaldian. Bertan, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Andoni Agirrebeitia, Zornotzako alkatea, Mikel Etxebarria, Aurten Bai Fundazioko lehendakaria eta beste hainbat erakundeetako ordezkariak izan ziren.
Aurreskua dantzatu eta familiako argazkia egin eta gero, Xabier Euzkitzek gidatutako ekitaldia hasi zen. Bertsolari eta esatariak Barnetegiaren 25 urteak “luzeak eta emankorrak” izan direla onartu ondoren, hainbat abesti eskaini zituen zuzenean Joxan Goikoetxea eta Josune Marin musikarien laguntzarekin.
Bingen Zupiriak Zornotzako Barnetegiak euskararen alde eta elkarbizitzaren alde egindako lana eskertu zituen Eusko Jaurlaritzaren izenean. “Euskararen hedapena izan da proiektu honen borroka”, Zupiriaren esanetan, baina “beti euskara gozamenarekin eta aisialdiarekin lotu behar zela ulertu zuten” sortzaileek.
“Hemendik pasa direnek, kulturari, kirolari eta jaiari lotuta ezagutu dute euskara”, azaldu zuen sailburuak. Urteurren borobil honetan, 20.000 matrikula eta 10.000 pertsona baino gehiago pasatu direla Barnetegitik azpimarratu zuen.
Zornotzako Barnetegia Aurten Bai Fundazioak kudeatzen du eta erakunde honen presidentea den Mikel Etxebarriak “euskararen arnastegi bat” dela azaldu zuen. Euskararen irakaskuntzan “kalitatezko zerbitzua” emateko hasi bazen, orain, 25 urte beranduago, “euskararen normalizazioaren alde lan egiten jarraituko dugu. Horretarako, funtsezkoa den euskararekiko konpromisoa berritu nahi dugu”.
Barnetegiko ateak zabalik daudela euskara ikasi nahi duten guztientzat gogoratu zuen Etxebarriak, euskara “denon altxorra” baita. “Gure ametsa euskaldunak egiteaz gain euskarazaleak egitea da”, nabarmendu zuen.