
Amorebieta-Etxanoko EH Bilduk Udal Gobernuaren aldaketa gauzatzeko helburua jarri du maiatzeko udal hauteskundeetan eta hori lortzeko “programa sendo eta erakargarri bat” landu nahi dute “zornotzarrekin batera”. Koalizio soberanistak Ander Uriarte izango du zerrendaburu eta alkategai.
Udal hauteskundeetan defendatu eta legegintzaldi berrian aurrera eramango duten programa, otsailean zehar egingo dituzten bilera parte-hartzaileetan landuko dute. Martitzenean egindako lehenengoan euskara eta kultura izan zuten hizpide.
Herri programa prestatzeko prozesua hiru fasetan banatu dute. Lehenengoan berdintasuna, lehen sektorea, iraunkortasuna edo hirigintza arloetarako pertsona arduradun bat izendatuko dute eta gaian adituak diren pertsonei edo interes berezia erakusten dutenei parte hartzeko eskaintza egingo zaie.
Hiru dokumentu
Partaideek hiru dokumentu landuko dituzte; “herriaren diagnosia esparru jakin horretan; herriak esparru horretan dituen ahulgune, mehatxu, indargune eta aukeren identifikazioa; eta azkenik, hori guztia kontuan hartuta proposamen bat egingo dute”, EH Bilduk aditzera eman dutenez.
Bigarren fasean, talde guztien proposamenak bateratuko dituzte, eta Herri Programaren azken zirriborroa prestatuko dute. Hirugarren fasean berriz, aurreko herri-bileran egindako ekarpenak programari gehituko dizkiote eta Herri Programa ofizialki prest egongo da.
Bileraren baten parte hartzeko interesa duten herritarrek, edo parte hartzeko aukerarik ez baina bere iritzia helarazi nahi dutenek, Facebook, Twitter, e-mail (zornotza.ehbildu@gmail.com) edo WhatsApp (672 108 838) bidez jar daiteke harremanetan.
Bilera parte-hartzaileen nahiz asanbladen datak Zornotzako EH Bilduren sare sozialen eta telefono mugikorraren bidez jakinaraziko dituzte.