Maiatzaren 28ko Udal eta Foru hauteskundeei begira, Zornontzako EH Bilduk Udal Hezkuntza Kontseilua sortzea eta zaintza eredu komunitario berria proposatzen ditu, besteak beste.
Alderdi subiranistaren ustez, “gure seme-alaben hezkuntza oso garrantzitsua” denez, beharrezkoa da Udal Hezkuntza Kontseilua sortzea, “bere baitan ardaztuko delako gure etorkizuneko Zornotza”.
Izan ere, “proiektu bateratu bat mahaiganeratzeko unea” dela eta uste du Zornotzako EH Bilduk, kontseilu hori “ezinbestekoa” baita “Hezkuntza Proiektu Herrikoia” gauzatzeko eta ikastetxe desberdinen arteko kohesioa lortzeko.
Zaintza eredu komunitarioa
Bestalde, pertsonetan oinarritutako “zaintza eredu komunitario berria” bultzatuko dutela adierazten du koalizioak, eta, “egun enpresa pribatuen esku dauden etxez etxeko laguntza eta eguneko zaintza zerbitzuak Udalaren esku egongo dira, EH Bilduk Amorebieta-Etxanon gobernatuz gero”.
“Adinekoen bakardadea oso egoera larria dela jakitun, inklusioaren aldeko apustua egiten du Zornotzako EH Bilduk, integrazioaren ordez”. Horretarako, “Udalak baliabideak jarriko ditu bakardade egoeran zenbat zornotzar dauden jakiteko eta kasuz kasu egoerak aztertuko dira irtenbide egokiak bilatzeko”.