Zornotzako EH Bilduk zazpi proiektu estrategiko landu ditu “Amorebieta-Etxanoko herritarren bizi-baldintzak hobetzeko asmoz”, tarteko herrian dagoen kirol azpiegitura eta zerbitzu faltari erantzungo dion Berezikoetxeko egitasmoa, Emakumeen* Etxea, edo etxebizitza politika eta zaintza eredu komunitario berriak bilatzea.
”Herritarren bizi-baldintzak hobetzeko” helburuarekin jorratu dituzte ideia, neurri eta proiektuen artean Berezikoetxen eraikitzeko kirol gune multifuntzionala proposatzen dute, herrian dagoen “azpiegitura eta zerbitzu faltari erantzuteko asmoz”. Egitasmo hori egokitzeko “kirol taldeen, kluben eta herritarren beharrizanak eta ekarpenak” kontuan hartuko dituzte.
Horrez gain, Ixerbekoa udal kiroldegia bota beharrean, lursail hori saldu eta etxebizitzak eraiki beharrean, EAJk proposatzen duen bezala, EH Bilduk eraikina eraberritzea eta erabilera anitzeko zentro bihurtzea aldarrikatzen du.
Datorren domekako Udal Hauteskundeetara begira planteatutako beste egitasmo estrategikoak dira Emakumeen* Etxea sortzea, “Zornotzako Mugimendu Feministak, emakumeen elkarteek eta LGTB kolektiboak beraien espazio propioa izan dezaten”; pertsonetan oinarritutako zaintza eredu komunitario berria bultzatzea; edo etxebizitza politika publiko berriak egitea, “Amorebieta-Etxanon bizitzea ezinezkoa delako gazteentzat”.
Herriko ikastetxe desberdinen arteko kohesioa lortzeko helburuarekin, Udal Hezkuntza Kontseilua sortzea bultzatuko dute, eta larrialdi klimatikoari eta krisi energetikoari aurre egiteko neurrien artean Energia Komunitate Lokala sortzea proposatzen dute.