Gazteen arteko tratu ona, elkarrekiko zaintza eta planetarekiko errespetua sustatzeko helburua duen ‘PACT by BBK’ ekimena jarri dute habian Zornotzan. Bertan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da.
Zornotzako Udalak eta BBK-k elkarlanean sortutako ekimen hau 15 eta 17 urte bitarteko zornotzarrei eta horien hezitzaileei zuzenduta dago, “gazteen artean berdintasuna sustatzeko eta indarkeria matxista prebenitzeko”.
‘PACT by BBK’ ekimena “hezkuntza eta prebentzio-erantzun gisa aurkezten da portaera matxisten eta sexisten aurrean, bereziki nerabeen arteko harreman afektiboetan eta sexualetan”, sustatzaileen arabera.
Gazteen eta hezitzaileen prestakuntza
Talde txikietan egindako sei lan-saioen bidez, eta ikaskuntza esperimentalaren ikuspegitik, programak trebetasunak eta kontzientzia garatu nahi ditu gazteen eta haien hezitzaileen artean. Berdintasuneko hiru adituk gidatuko dituzte ikaskuntza eta prebentzio-saio horiek.
Programak hiru saioko prestakuntza espezializatua emango die adin-tarte horrekin zuzenean lan egiten duten pertsonei. Prestakuntza horretan funtsezko gaiak jorratuko dira, hala nola berdintasuna, erasoen prebentzioa eta harreman osasungarriak eta errespetuzkoak sustatzeko estrategiak.
‘PACT by BBK’ ekimenean parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea Gazte Informazio Bulegoa edo udal webguneko ‘Izen-emateak’ atalean. Inskripzioa egiteko epea apirilaren 5ean amaitzen da.
Programa honen bidez, Amorebieta-Etxanoko Udalak herriko gazteak gonbidatzen ditu norberaren irudia, gustuak edo harremanetan dituzten lehentasunak eta mugak komunikatzeari buruzko hausnarketa egitera, ikasteko eta hazteko espazio segurua eskainiz.