Zornotzako ikastetxeetako ikasleek ‘Amorebieta-Etxano Bizikletaz 2022’ plana bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute Zelaieta Zentroan izandako ekitaldian. Eskola Agenda 2030 jardunaldi teknikoaren barne egin den ekimenaren gai nagusia iraunkortasuna izan da.
Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatutako jardunaldia Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GJHk) ezarritako 11. xedea izan du hizpide; hau da, hiri eta komunitate jasangarrien inguruan kontzientziatzea eta sakontzea.
Osasungarriagoa eta jasangarriagoa
Udal arduradunen erronka nagusienetako bat zera da, 2030era GJHk ezarritako helburuak lortuta edo bideratuta iristea, eta jardunaldian Bizikletaz 2022 plana modu didaktikoan ezagutzeko aukera izan dute. Informazioa arreta handiz jaso eta udal-diagnostikoan modu aktiboan parte hartu dute, eta lanketarekin aurrerago egingo diren bileretan jarraituko dute.
Bizikletaz 2022 plana gauzatzeko lanak hasi dira dagoeneko. Ekimenarekin “udalerri osasungarriagoa eta jasangarriagoa sortzea” nahi dute, kutsadura maila gutxituz “zornotzarrek ingurune atseginagoa izan dezaten”, Udal arduradunen esanetan. Bide horretan, “urtea amaitu baino lehen, bizikleta erabiltzeko leku erosoa eta segurua izango da Amorebieta-Etxano”.
Egin beharreko lanak amaitu ondoren, “ekintza-plana eta sentsibilizazio-kanpaina funtsezkoak izango dira herritarrek mugitzeko modua alda dezaten eta bizikleta ohiko garraiobide gisa erabil dezaten”. Kanpaina zornotzar guztiei zuzenduta egongo da, hainbat sektoretan banatuta, eta, horien artean, eskola-umeei.