Zornotzako Karmen eta Santanatxu jaietan egingo den Umeen Tanborradan parte hartzeko izena emateko epea ireki du Amorebieta-Etxanoko Udalak. Santa Ana egunean, uztailaren 26an, egingo ekitaldian 5 eta 13 urte bitarteko gaztetxoek parte hartu ahal izango dute.
Haurren tanborrada bost gorputzek osatuko dute: sukaldariak, antortxeroak, fusileroak, kantinerak eta tanborreroak, eta Udal arduradunek gogorarazi dutenez, “arau orokorrak zehazten duen moduan, lehenengo aldiz izena ematen duten pertsonak sukaldari izango dira; bigarren urtean, antortxero; eta horrela, hurrenez hurren, lehen aipatutako hurrenkeran”.
Era berean, urte horretan dagokion gorputzean plazarik ez badago, inskribatutako pertsonak aurreko urteko gorputzean errepikatu beharko du. Gorputza esleitzeko orduan, antolakuntzak pertsonaren adina hartuko du kontuan, eta nagusiek lehentasuna izango dute hurrengo gorputzera pasatzeko garaian.
Azken urtean parte hartu ez dutenen kasuan, tanborradan izan zuten azken gorputza hartuko du erreferentziatzat antolakuntzak.
Jantziak
Jantziei dagokienez, behin gorputza esleituta, antolatzaileek parte-hartzaile bakoitzak eraman beharreko arropa zehaztu dute:
- Sukaldariak: Praka luze zuria. Alkandora zuria.
- Antortxeroak: Praka luze bakeroa. Alkandora zuria.
- Fusileroak: Praka luze zuria. Alkandora zuria.
- Kantinerak: Praka luzea/gona urdina (arrantzale) edo bakero iluna. Alkandora zuria.
- Tanborreroak: Praka luze zuria. Alkandora/kamiseta zuria.
Entseguak
Antolatzaileek gogorarazi dute izena eman duten pertsonek gutxienez entseguen %50era joan behar dutela tanborradan parte hartu ahal izateko. Hauek dira entsegu egunak:
- Tanborreroak: Ekainak 22 eta uztailak 6, 13, 20 (18:00etan)
- Fusileroak: Uztailak 5, 12, 19. (18:00etan)
- Kantinerak: Uztailak 11, 14, 18. (18:00etan)
Izena emateko epea ekainaren 8ra arte egongo da zabalik, Gazte Informazio Bulegoan edo www.ametxgazteria.eus webgunean. Inskripzioa egiterakoan, izena eta jaioteguna adierazi beharko dira, eta baita arduradunaren telefono-zenbakia ere. Era berean, laguntzaile gisa atera nahi duten gurasoek izena eman dezakete Zelaieta Zentroan edo 946300650 telefonoan.