Zornotzako Kine Zineklubak abenduaren 12tik 15era bitartean ospatuko den Kine Rallyren film laburren lehiaketa azkarraren 5. edizioa antolatu du. Ohikoa denez, antolatzaileek gaia emango dute lehiaketaren hasieran eta hortik aurrera 24 ordu izango dituzte partaideek bat eta bost minutu arteko pelikula bat pentsatu, grabatu eta prestatzeko.
Lehiaketa eguenean abiatuko da, egun horretan parte hartzen duten taldeei txosten bat emango zaie posta elektroniko bidez, lehiaketaren oinarriekin eta, nahitaez, filmetan landu beharreko gaiari buruzko pista batekin.
Parte-hartzaile guztiak Zelaieta Zentroko auditorioan bilduko dira barikuan eta orduan jakingo dute edizio honetarako aukeratu den gaia. Hortik aurrera ekoizpenarekin hasi ahal izango dira, eginbehar horretarako zein lana pentsatzeko, gidoia idazteko, filmatzeko eta editatzeko barikua eta larunbat osoa izango dutela. Egindako lana zapatu gauean entregatu behari dira, 20:00ak eta 21:00ak bitartean.
Kine Rally gala
Epaimahaia domeka goizean bilduko da eta aurkeztutako pelikula guztiak ikusi ondoren bere erabakia emango du. Eguerdiko hamabietan Kine Rally gala egingo da Zornotza Aretoan, ekitaldian lehiaketara aurkeztutako filmak ikusiko direla eta sarietara bideratutako 750 euroak banatuko direla. Bertaratzea nahi duenak doan izango du sarrera eta amaieran ikusle zein parte-hartzaileek zerbait jateko aukera izango dute.
Lanak baloratzerakoan kalitatea kontuan hartuko bada ere, jendeak eskura dituen bitartekoekin parte hartzea da benetan garrantzitsua, antolatzaileen arabera. Gainera, euskaraz egindako lanak zein LGTBIQ+ kolektiboarekin, kultur aniztasunarekin eta elkartasunarekin lotutako gaiak lantzea bereziki kontuan hartuko dira. “Zinema gustatzen zaien lagunekin elkartu eta buruan ditugun istorioak partekatzeko unea da”, adierazi du Maite Romero talde antolatzaileko kideak.
Aurreko lau edizioetara 40 talde inguru aurkeztu dira, 15 eta 50 urte arteko partaideak bilduz, zornotzarrak zein inguruko herrietakoak. Landutako gaiak, besteak beste, natura eta mendia, ‘Hego-haizea, zoro haizea’ edo musika izan dira eta, generoi dagokienez, dramak, komediak edo beldurrezkoak aurkeztu dira.
Antolatzaileek izena emateko epea ireki dute kinezinekluba@gmail.com helbide elektronikoan eta bertan taldearen izena, parte-hartzaileen izenak eta harremanetarako telefono-zenbaki bat jarri behar dute.