Zornotzako EH Bilduk herriko kirol azpiegitura ezberdinak kirol-gune handi batean batzea eskatu dio Amorebieta-Etxanoko Udalari. Eskakizun horrekin aspalditik datorren arazoari amaiera eman nahi diote, Udal Gobernuak “ez diolako soluzio eraginkorri ematen” eta “azken hamarkadan dirutza xahutu” duelako.
Alderdi soberanistak egindako proposamenaren arabera, kirol-gune handi hori Tantora eta Ixer artean jarri daiteke, Lidl saltokiaren atzealdeko lursailean hain zuzen.
Azpiegitura hori gauzatzeko “Urgozo eraikitzeko eta Gane eraberritzeko aurrekontua” erabiltzea proposatzen dute, guztira, 10 milioi euro inguru. Gainera, “gune horretan eraiki beharreko azpiegiturak, Zornotzako klubekin eta kirol talde ezberdinekin elkarlanean landu beharko litzatekeela” uste dute.
EH Bilduren arabera “Urgozo kiroldegia saskibaloi taldeei zuzendutako pabilioia izango da eta aurten 5,5 milioi gastatuko dituzte bere eraikuntzan”. Ganeko kirol gunean berriz, 4,5 milioi euro gastatuko dira padel eta tenis kantxak egiten.
22 milioi
Kirol instalazioen inguruko ekarpena egiteko, Udalak aldez aurretik egindako inbertsioak ere kontuan izan dituzte. 2010ean 10 milioi euro bideratu ziren Larreako kiroldegia eraberritzeko “hasiera batean 4 milioiko obra izango zela aurreikusi bazuten ere” eta “berehala txiki geratu zen”. 2011n “beste 2,2 milioi gastatu zituzten Jauregibarriako frontoia eta bolatokia egiteko”.
Horri guztiari “Ixarreko kiroldegia bota egingo dutela” gehitu behar zaiola gogoratu dute.
“Hamar urtetan, guztira, 22 milioi eurotik gorako gastua egingo du Udalak eta duela hamar urteko arazo berdinekin segitzen dugu”, EH Bilduk egindako kontuen arabera eta arlo horretan “ezer gutxi hobetu da”.
Gainera, “kirol zerbitzuetan herritarren beharrizanak zeintzuk diren jakitea ezinbestekotzat” jotzen dute, eta horretarako “ikerketa bat egin beharko litzateke”, herriko kirol eragileak eta herritarrak “kontuan hartuta soilik lortu daiteke Amorebieta-Etxanok kirolaren arloan dituen beharrizanak asetzea”.