
Amorebieta-Etxanoko EAJ-PNVk, EH Bilduk eta Hiri Ekimenak bat egin zuten “dispertsio politikaren eta urruntzearen berehalako desaktibazioa” eskatzeko eta “Giza Eskubideen errespetua” exijitzen duen mozioa onartzeko. PSE-EEko zinegotziak, Alicia Hernándezek, kontrako botoa eman zuen.
Onartutako testuaren arabera “27 urte luze dira dagoeneko, gobernu espainiar eta frantsesak euren lurretan zehar euskal presoen dispertsioa era sistematiko eta orokorrean martxa jarri zutenetik”. Gainera, neurri horrek zigorra betetzen ari diren presoei oinazea sortzeaz gain, “zuzen eragiten die senide eta lagunei ere”.
Izan zere, “ehundaka dira kalte fisiko eta materialak pairatu dituzten pertsonak” eta presoak bisitatzera joandakoen artean ”16 senideen heriotza” eragin duela ere gogoratzen dute.
Briviescako istripua
EH Bilduk aurkeztutako mozioak eskualdeko zenbait bizilagunek azaroaren 19an Briviescan (Burgos) izandako istripua gogoratu nahi zuen ere. Euretako bat “herri honetako bizilaguna da, eta 950 kilometrotara dagoen Huelvako espetxean bisita bate egitetik bueltatzen zen”, testuan aipatzen denez.
Ezbehar hartan, “salbuespeneko politikaren fruituak bederatzi zauritu izan dira; baldintza inposatu batzuetan derrigorrean egiten diren bidai batzuen ondorioak pairatu dituzten bederatzi pertsona, segurtasun fisikoa eta biziak jokoan jarriz”.
EAJ-PNV, EH Bildu eta Hiri Ekimeneko zinegotziek onartu egin zuten aurkeztutako testua. PSE-EEko Alizia Hernándezek berriz, “pertsonalki, ez dut inolako eragozpenik honelako moziorik onartzeko” nahiz eta berehala gehitu ez zegoela ados testuan agertzen den esaldi batekin. Hala ere, honelako mozioak “azkenengoz eztabaidatuko” direlakoaren esperantza agertu zuen, baita gainontzeko taldeetako bozemaileek ere.