
Zornotzako udalaren euskara zerbitzuak merkataritza eta ostalaritza arloetako establezimenduetan, euskaren erabilera sustatu nahian, hizkuntzaren diagnosia bideratuko du. Laster, euskara teknikariek bisitak egiteari ekingo diote ekimena azaltzeko.
Zornotzako merkatari eta ostalariek alkateak igorritako eskutitz baten bidez izango dute ekimen honen berri. Gutunaren bitartez lokaletako arduradunei zuzentzen da alkatea, alde batetik, herriari egiten dioten ekarpenak eskertuz, eta bestetik, euskararen erabilerari dagokion zerbait iradokizun egiteko.
Udalak zerbitzuen sektorean euskara erabiltzea oinarrizkotzat jotzen du, eta ahaleginak egingo ditu arlo hori sustatzeko. Udalak hainbat baliabide eskaintzen dizkie merkatariei eta ostalariei euskararen erabilera sustatzeko edota ematen duten zerbitzua hobetzen laguntzeko.
Udalak lau baliabide eskaintzen ditu; alde batetik itzulpen laburrak egiteko doako zerbitzua eskainiko du; errotuluak eta korporazioaren irudiak euskaraz jartzeko diru-laguntzak emango ditu; euskara ikasteko oinarrizko ikastaroak antolatuko ditu eta azkenik, diru-laguntzak banatuko ditu euskara ikasteagatik.