Zornotzako Uztargi.klik elkarteak Argazki Rallyaren lehen edizioa antolatu du urriaren 29rako, herriaren “esentzia eta edertasuna ikuspegi artistiko batetik” esploratzeko eta ateratzeko.
Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntzarekin antolatutako ekimenak, “argazkilaritza maite duten herritarrak” parte hartzera animatu ditu. Izan ere, “argazkiari esker, gure ingurua modu ezberdinean beha dezakegu eta une iragankorrak modu iraunkorrean atzeman ditzakegu”, antolatzaileen esanetan.
Lehiaketak lau sari banatuko ditu: 350 eurokoa lehenengoarentzat; 250 eurokoa bigarrenarentzat; eta 200 eurokoa hirugarren sailkatuarentzat. Irudirik onena egiten duen herriko argazkilariak 150 euro jasoko ditu.
Partaideek bete beharreko bost gai izango dituzte. Irudiak editatu edo aldatu gabe eta jpg formatuan entregatu beharko dira. Gehien jota, 36 argazki entregatu ahal izango dira.
Parte hartu nahi dutenek lehiaketaren egunean bertan eman beharko dute izena, Ixerbekoa kiroldegian, 08:00etatik 09:30etara, eta 10 euro ordaindu. Kameraren txartela aurkeztu beharko da, hutsik dagoela baieztatzeko.
Izen-ematearekin batera parte-hartzaileen artean ‘hamaiketakoa’ banatuko du antolakuntzak.