
Arte arlo desberdinetako sortzaile zornotzarrek presentzia azpimarragarria izango dute Karmen jaietan. Mikel Inunziaga, ‘Inun’ goitizen artistikoaz azaltzen den musikaria izango da horietako bat. Gaur, Zubiondo plazan eskainiko duen kontzertuan, martxoan aurkeztutako ‘Aingurak’ diskoko kantuak zein aldez aurreko ‘Berreginez’ (2014) eta ‘Da nola’ (2016) lanetako abestiak aletuko ditu.
-Herritarren aurrean abesteko aukera izango duzu berriro ere.
-Oso pozik nago aukera hori eman didatelako eta herriko hainbat artista izango garelako aurtengo egitarauan: Alain Concepcion, Markeliñe… Nire kasuan, ohorea eta plazerra izango da herritarren aurrean agertzea.
-Hainbat aldiz jo duzu herrian baina gaurko ekitaldia berezia izango da, ezta?
-Bai, hainbat kontzertu eman ditut eta formatu desberdinetan. Gaurkoa, berriz, desberdina izango da, zeren sei musikari izango gara agertokian. Horrelako ‘despliege’ handiarekin ez dut inoiz jo. Nire alboan, bertako Musika Eskolako irakaslea den Dani Tomas gitarra jolea, Argibel Euba bateria jolea, Ekain Alzola baxu jolea, Bihotz Gorospe perkusioan eta koroetan eta Sergio Mayoral tronpeta jolea izango ditut. Beraiekin jo ahal izatea suerte handia da, musikari onak izateaz gain, lagunak ditudalako. Uste dut oso gauza polita egingo dugula.
-‘Aingurak’ azken diskoa izango da eskainiko duzun kontzertuaren ardatza?
-Bai, orokorrean hirugarren diskoa aurkeztuko dugu baina ideia nagusia nire ibilbideko errepaso bat egitea da. Zentzu baten hasiberria naiz baina hiru disko argitaratu ditut eta hiru diskoetako abestiak tartekatuko ditugu.
-Pop estiloa lantzen duzu baina, noraino aldatu da zure musika ‘Berreginez’ lehenengo diskoa argitaratu zenuenetik?
-Beti dago garapen bat. Disko bat ateratzen dudanean zerbait diferentea esateko da. Beti hari beretik tiraka ibili beharrean, soka desberdinetatik tiratzea gustatzen zait. Kasu honetan, ‘Aingurak’en, haizea dago tronpetak sartu ditudalako eta horrek beste distira desberdin bat ematen dio eta gainera garapen bat dago konposizioaren zein soinuaren aldeetatik.
-Zure kantuetan zeuk zein beste batzuk idatzitako poesiak uztartzen dituzu musikarekin. Zelan definitzen duzu zeure burua, poeta edo musikaria?
-Musikaria naizela uste dut, ez dut neure burua poeta moduan ikusten. Nik idatzitako zein beste poeten hitzak erabiltzen ditut eta letra horiek nire egitea oso gauza polita da. Bernardo Atxaga, Jon Benito eta beste poeten hitzak kantu egin ditut eta erraztasun guztiak eman dizkidate horretarako. Letren eta musikaren arteko uztarketa ondo egitea gustatzen zait. Poema onenak, eta melodiarik onenak, batzuetan ez dute kanta onena egiten.
-Zeri ematen diozu lehentasuna, kantu solteei edo diskoaren osotasunari?
-Diskoaren osotasunari, zalantza izpirik barik. Disko bat kantu multzo bat baino askoz gehiago da, bilduma egituratzen ari zarenean kanten arteko oreka bilatzen duzu.