
Amorebietako Zuhaitzaren eta Uraren astearen barruan,ikastetxeetako umeek ingurumenak duen garrantzia eta horren aldeko sentsibilizazioa izan dezaten, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Atzo hasi ziren jarduerak, bigarren hezkuntzako ikasleak herriko kaleak garbitzen aritu ziren, garbiketa zerbitzuetakoen laguntzarekin. Astean zehar zuhaitzak landatuko dituzte, inkestak ere egingo dituzte kaleetan eta uraren ibilaldi bat ere egingo dute.
Amorebietako udalak, herriko ikastetxe guztiekin batera, hainbat jarduera antolatu ditu Zuhaitzaren eta Uraren astearen barruan, Tokiko Agenda 21aren eskutik. Herriko 2.200 ikaslek hartuko dute parte horietan. ???Gaztetxoek bizi diren inguru naturalaren kontzientzia izatea da helburua???, David Latxaga alkatearen esanetan, txikienak sentsibilizatu nahi dituzte, herriko ur baliabideak zein basoen aberastasuna erakutsiz.
Haur hezkuntzako umeetatik hasi, eta derrigorrezko bigarren hezkuntzakoetara bitartekoei zuzenduta dago ekimena. Atzo hasi eta ostegunera arte luzatuko da.
Kaleak garbitzen aritu ziren atzo bigarren hezkuntzako ikasleak. Herriko garbiketa zerbitzuekin batera, erratza eta pala eskuan hartuta. ???Kaleak egunero garbitzea zer den ikasten ari dira eta baita ez direla zikindu behar???, argitu zuen Latxagak, astelehenetan kaleak zikin egoten direla gaineratuz, ???beraiek ere horretan errua dutela jakin behar dute???. Haurrak ez ezik, gurasoak ere kontzientziatu nahi dituzte horren inguruan.
Kalean inkestak egiten ere aritu ziren ikasleak, baliabide hidrikoei eta zuhaitzei buruzko galderak eginez.
Beste hainbat jarduera antolatu dituzte aste honetarako: zuhaitzen hainbat espezie landatuko dituzte ikasleek; kale lana ere burutuko dute, udalerriko bide gorriei, bizikleten aparkalekuei, edukiontziei eta iturriei buruzko galdeketak eginez; horma irudiak egingo dituzte txikienek eta urarekin eta zuhaitzekin lotutako proiekzioak ere eskainiko zaizkie.
Gainera, gaur, martxoak 16, Ibai Esain ipuin kontalariak gai horren inguruko ipuina kontatuko die umeei. Arratsaldeko 18.30ean izango da, Zelaieta parkean. Eguraldi txarra badago, Zelaietako kontzertu gelan egingo da.
Idazlan eta argazki lehiaketa
Zazpigarren urtez jarraian, Uraren eta Zuhaitzaren Astearekin lotuta, Idazlan eta Argazki Lehiaketa antolatu du Udalak, Ametxeko euskara sailarekin batera. ???Ingurua maite dudalako??? lelopean egingo da lehiaketa.
Lau taldetan dago banatuta lehiaketa eta lehen hezkuntzako hirugarren mailatik hasi eta DBHko laugarren mailako ikasleei dago zuzenduta. Irabazleek 100 eta 200 euro bitarteko saria jasoko dute, eskola materialetan (taldearen arabera) eta Zornotza Aretorako bi sarrera.