
Durangoko Larriz dorretxean Andraguneak duen lokalak, Zuriñe Rodriguez eta Oihana Etxebarrietak idatzitako ‘Lisipe. Borroka armatua eta kartzelak’ saiakera liburuaren aurkezpena hartuko du bihar, arratsaldeko 19.00etan. Euskarazko irakurketa taldearen proposamenez egingo den ekitaldian Zuriñe Rodriguez izango da hizlari.
Lisipe Amazonaseko erregina izan zen Greziako mitologian. Bere herrian hainbat agindu eta ohitura indarrean jartzean gain, Amazonaseko Temiscira hiriburua sortu zuen. Lisipe “emakume gerlarien burua izan zen, gizonek gidatutako mundu ikuskera misogino baten aurka borrokatu ziren amazonen burua”, Jule Goikoetxeak hitzaurrean dioenaren arabera.
Rodriguez eta Etxebarrietak idatzitako liburuak Euskal Herriko gatazkaren ikuspuntu feminista erakusten du. Saiakera lana idazteko betaurreko moreak jantzi dituzte eta asanbladetan, tabernetan eta beste hainbat lekutan ‘probetxua atera’ eta eztabaida sortzeko helburua du.
Sarean edonorren eskura dagoen liburu horretan, hamalau pertsonen bizipenak kontatu dituzte egileek, gehienak emakumezkoak.
Etxebarrietak kartzelako gaiak landu ditu. Nahiz eta “gatazkaz hitz egitean, gudari edo militanteak gizonezko heterosexualak direla” imajinatzen dugun, “errealitatean emakume asko daude, eta hori salatu nahi dugu”. Etxebarrietak kartzeletan “gertatzen diren erlazio afektibo sexualek daukaten garrantzia” aztertu du, bere ustetan, “kartzelan egosten diren kontuek transzendentzia handia” dutelako.
Bestalde, Rodríguezek ikuspegi zabalagoa eman du liburuan, eta bakeaz ere aritu dira. “Nork negoziatuko duen ez dakigu, baina bakea gizonentzat bakarrik izango ote den beldur gara”.
Aurkezpenaren antolatzaileek egilearen azalpenak entzutea interesgarria izango delakoan daude. Saio honetan gainera, urtarrilean hasiko diren solasaldi literarioen berri emango da.